XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Udalekuetara goaz!

1. Andereñoak udalekuetara joango zirela esan zuenetik, haurrak galdetu eta galdetu zebiltzan:

- Andereño, zenbat egun falta dira udalekuetara joateko? galdetu zion Kepak.

- Gutxi, oso gutxi... erantzun zuen andereñoak.

Bederatzi egun baino ez.

Pasatzen den egun bakoitzeko, bat kendu behar duzu, zeroraino heldu arte.

Egun horretan joango gara.

2. Azkenean heldu zen eguna.

Haurrak autobusean sartu ziren, urduri-urduri.

Abesten hasi ziren, andereñoarekin batera, baina biraguneak hasi bezain laster, haur batzuk zorabiatu egin ziren.

- Etorri, andereño!

Kepa zorabiatu egin da, eta zurbil dago deitu zion Joanak.

- Banoa! erantzun zuen andereñoak.

Andereñoak Kepa besoetan hartu eta autobuseko lehenengo eserlekura eraman zuen, haizeak jotzeko.

Besteei esan zien:

- Tira, eseri eta lasai egon.

Ia-ia bertan gara eta.

3. Laster heldu ziren udalekura.

Afaldu ondoren, literetan etzan ziren.

Guztiek lo egin nahi zuten goiko literetan, baina andereñoa beldur zen.

Ez zuen nahi inor erortzerik.

Horregatik, beheko literetan jarri zituen haur guztiak.

Bitartean, bazter batean, Jontxu negarrez ari zen.

- Zer duzu, Jontxu?

Zergatik zaude negarrez? galdetu zion Joanak.

- Jontxu negarrez dago etxera joan nahi duelako erantzun zuen Iñakik.

- Jontxu, bihar pilotan jokatuko dugu lehen ikusi dugun frontoian! oihu egin zion Julenek bere literatik.

- Zatoz hona, ez egin negarrik.

Ikusiko duzu zein gustura ibiliko garen bihar... lasaitu zuen andereñoak.

4. Haur guztiak zeuden lo, Jontxu izan ezik.

Jontxuk ezin zuen lorik egin.

Bere buruaren barruan, ama ikusten zuen agur esaten...

Orduan, Galtzagorri atera zen motxilatik, eta Jontxuren tripa gainera igo eta saltoka hasi zen, kili-kili egiten...

- Ja, ja, ja! Utzi, utzi, Galtzagorri!

Ezin dut gehiago.... Ja, ja, ja!

Lehertu egin behar dut... Ja, ja, ja!

- E, e! Nor dago barreka, e?

Lo egiteko ordua da... esan zuen andereñoak.

- Geldi, Galtzagorri, geldi! Bestela, errieta egingo digute.

5. Gau osoan egin zuten lo, eta andereñoa esnatzera joan zenean Jontxu jantzita zegoen, eta orraztuta, gosaltzeko orduaren zain.

Andereñoa poztu egin zen:

- Gaur hobeto zaude, ez? esan zion andereñoak.

- Bai, askoz hobeto erantzun zion Jontxuk.

Andereñoa ez zen harritu Jontxu hain alai ikustean, eta ez zuen ezer susmatu.

Baina beste haurrak ikusi zituenean...

Guztiek zeukaten aurpegia irinez zurituta, eta toailen bila zebiltzan bainugelara joateko...

- Baina zer gertatu da?

Zergatik daukazue aurpegia zuri? galdetu zuen andereñoak harrituta.

- Ez dakit, andereño.

Toailak desagertu egin dira, eta ezin dugu aurpegirik lehortu... esan zion Arratek.

- Hau bai marka! Jontxu aspalditik dago prest... eta zuek oraindik...

Galtzagorrik kendu zion tristura Jontxuri, beste haurrei txantxa hori eginda.

Jontxuk esan zion andereñoari bera izan zela, eta ez zuela gehiagotan egingo, orain ez zegoelako triste.

Eta Jontxu pilotan jokatzera joan zen lagunekin.